«Israelek ez luke ikerketa proiektuetan parte hartzeko aukerarik izan behar»
Berehala hartu dute erabakia, zalantza askorik izan gabe. Nora Fernandez Jimenez EHUko Medikuntza eta Erizaintza fakultateko irakaslea eta ikertzailearen ikerketa taldea Europako proiektu batean parte hartzera gonbidatu zuten, baina astebete besterik ez dute bertan lan egin. Israelgo partaide bat zegoela ohartu bezain pronto bertan parte hartzeari uko egin diote. Ez dira damutzen hartutako erabakiaz, baina Fernandezek uste du neurriak «goragotik» etorri behar direla: «Gu ikerketa proiektuetatik atera behar ez izateko, Israelek ez luke parte hartzeko aukerarik izan behar».
EHUko errektore Joxerramon Bengoetxeak gaur iragarri du azken hilabeteetan uko egin diotela 247 milioi euroko ikerketa proiektuetan parte hartzeari. Horietako bat da Fernandezena. Biomedikuntza eta adimen artifizialari buruzko proiektua utzi du, bere taldeko kide diren Jose Ramon Bilbao eta Iraia Garcia Santistebanekin batera.
[articles:2147042]
Fernandezek aitortu du «kolpea» izan dela, «diru asko» zelako: «Gure ikerketa taldeak finantzazio menpe daude; beraz, gogorra da hortik ateratzea, gure biziraupena nolabait baldintzatu egiten delako». Horrez gain, curriculumean Europako proiektu bat edukitzea ere garrantzitsua litzateke. Hala ere, «pozik» daude hartutako erabakiarekin. Ez dute gehiegi pentsatu behar izan, «EHUk plazaratutako manifestuarekin bat» egiten dutelako eta erabaki hori «koherenteena» delako.
Ikertzaileengan zama handia jartzen dela uste du Fernandezek. «Ni zama hori hartzeko prest nago, baina babestuago egon beharko ginateke», esan du, eta zehaztu Europako Batasunaren eta estatuen lana dela hori. «Israel da, Nazio Batuek esan bezala, genozidio bat egiten ari dena, eta bera da momentu honetan parte hartu behar ez duena», berretsi du. Hori gertatu ezean, gainerako ikertzaileek egin behar diote uko bertan egoteari eta, Fernandezen hitzetan, «bidegabea» da hori.
Mobilizazio gehiago
Euren ikerketa taldea ez da proiektu bati uko egin dion bakarra izan. Izan ere, Fernandezen hitzetan, badago «tantaka-tantaka» doan mugimendu bat, «horrelako proiektuetan parte hartzeari uztearen aldekoa». Gizartean oro har, baita unibertsitatearen esparruan ere, ikertzaileak nabaritu du jendeari «jasaezina» egiten ari zaiola genozidioa, eta azkenaldian gero eta gehiago hitz egiten dela horretaz, baita gehiago mobilizatu ere.
«Guztiok egin dezakegu zerbait», esan du. Hala ere, interpelazio zuzena egin die Europako Batasunari eta Espainiako Estatuari, «ausardia» izan dezaten eta «benetako erabakiak» har ditzaten. «Amen eta umeen osasuna ikertzen dut nik; momentu honetan, euren osasunerako, ez dago ezer garrantzitsuagorik, genozidioa gelditzea baino», gehitu du.