Gaur egungo eta etorkizuneko lutherian eginen du azpimarra aurtengo NAK festibalak
Eskulangileengana zuzendu du begirada NAK Nafarroako Musika Garaikidearen Jaialdiak aurten. Musika instrumentuen eskulangileengan jarri du arreta, edo, zehatzago, batera edo bestera musika sortzeko eta jotzeko bide ematen duten zernahi gailu edo artefakturen egileengan. Izan ere, jaialdiko zuzendaritza taldeak joan den osteguneko aurkezpenean iradoki gisara, luthierren jarduna honezkero nekez kabiarazi liteke molde zurrunetan. Artisautzaren adar tradizionalagoaren aldamenean, algoritmoek, adimen artifizialak eta automatek ere hartu dute beren tokia, eta, horregatik, horiei guztiei, antzinako bideei baina batez ere modernoei eginen diete so NAK jaialdiaren 11. aldian. Bihar hasiko da, eta, hilaren 13ra bitarte, hemezortzi jarduera izanen dira guztira. Kontzertuak ez ezik, formakuntza saioak ere bildu dituzte egitarauan.
Jarduera guztiak Iruñean eginen dituzte, Baluarten, Kondestablearen jauregian, Civican aretoan, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan eta Donapea institutuan, eta, kasuan-kasuan, sarrera doakoa edo ordainpekoa izango da —festibalaren webgunean dago informazio guztia eskuragai—. Programazioa zabaltzeko, bihar solasaldi bat eginen dute, 19:00etan, Civicanen —doakoa da—, aurtengo aldiaren gai nagusia aletzeko.
Jaialdiko zuzendari artistiko Yolanda Camposen esanetan, musika tresnei dagokienez, berebiziko garrantzia du bai atzera eta bai aurrera begiratzeak. Hori hala, herentzian jasotako jakintzari gorazarre eginen diote NAKen, baina garapen teknologiei ere bai. «Gaur egungo musika egiteko teknologia berriak erabiltzen dituzten luthierren sentsibilitatea jaso dugu programazioan, betiere azpimarratuz ikerketa xehea egiten dutela, tentuz eraikitzen dutela, biziki zaintzen dituztela detaileak, eta eusten diotela gorpuztasunari, hori baita ofizioaren funtsa».
«Gaur egungo musika egiteko teknologia berriak erabiltzen dituzten luthierren sentsibilitatea jaso dugu programazioan, betiere azpimarratuz ikerketa xehea egiten dutela, tentuz eraikitzen dutela»
YOLANDA CAMPOS NAKeko zuzendari artistikoa
Hain zuzen, luthierren jarduna nolakoa den argi erakusteko asmoz, instrumentuen eraikuntzan erreferente diren hainbat musikari gonbidatu dituzte Iruñera. Besteak beste, Reyes Oteo konpositorea, Edurne Arizu konpositore, akordeoi jotzaile eta Hemendik At taldeko kide izandakoa eta Carles Marigo pianista eta konpositorea izanen dira jaialdian. Kontzertu tematikoak eskainiko dituzte hiru-hirurek, irailaren 5ean, 11n eta 12an, hurrenez hurren.
Edurne Arizu akordeoi jotzailea, artxiboko irudi batean. NAK
Bestalde, Xoan-Xil Lopez artistaren emanaldia nabarmendu dute zuzendaritzako kideek. NAKen aurtengo edizioko artista egoiliarra da, eta bera izanen da festibala ixteko arduraduna —irailaren 13an ariko da, 20:00etan, Baluarten—. Lopez musika jotzeko gailu elektronikoak sortzeagatik da ezagun batik bat, eta, hain zuzen, horren erakustaldia eginen du emanaldi horretan. Kontzertu berean ariko dira, elkarren ondoan, Garaikideak zentroko musikariak eta konpositoreak sortutako automata batzuk.
Festibaleko arduradunek aurreratu dutenez, automata horiek gai dira konposizio musikaletara egokitzen diren «mundu naturalarekin lotutako soinu errepertorio zabal bat» aireratzeko. Zehazki, kontzertu horretan joko dituzten obra guztiak estreinaldiak izanen dira, festibalerako propio sortuak: Yolanda Camposen, David Cantalejoren, Ignacio Fernandez Galindoren, David Johnstonen eta Xoan-Xil Lopez beraren lanak interpretatuko dituzte musikari eta robotek.
Jaialdia ixteko emanaldian ez ezik, bestela ere hartuko parte Lopezek egitarauan. Batetik, Organscape / Organismo izeneko instalazioa jarri du ikusgai Civicanen, eta, hura inauguratzeko, jendaurrean aurkeztuko du 20:00etan. Instalazioak aitortza jaso zuen 2021eko Prix Ars Electronia sariketan, eta barroko garaiko organo batzuen erregistroei eta haiek naturako hainbat soinu —trumoi hotsak eta txoriak, esaterako— imitatzeko daukaten gaitasunari buruzko ikerketa bat du oinarrian. Bestalde, irailaren 12an, Lopezek hitzaldia emanen du Kondestablearen jauregian, 18:00etan hasita.
Estreinatzeko eta irakasteko
Osotara, jaialdiak egitarauan bildutako hemezortzi jardueretan, 140 musikarik hartuko dute parte: Euskal Herrikoak, Espainiakoak, Alemaniakoak, Japoniakoak, Greziakoak, Australiakoak eta Kubakoak dira. Eta beste datu bat ere bada nabarmentzekoa aurtengo aldian: oholtzaratuko dituzten lanen arteko 27 estreinaldi absolutuak dira.
Gainera, beste behin, pedadogiari arreta berezia jarri nahia nabarmendu dute jaialdiko kideek. Horren isla da egitarauan formakuntza saioei emandako garrantzia. Besteak beste, Javier Ucar Amsia artistak hardware musikalari buruzko bi tailer emanen dizkie Donapea instutuko ikasleei, eta, iragan urteetako ohiturari eutsiz, NAK Txiki izeneko atala antolatu dute aurten ere. Haurrentzako eta familientzako jarduerak biltzen dituzte horretan. Oraingo honetan, David Ardanaz artistaren soinu performance bat kabiarazi dute programan: irailaren 11n izanen da, Civicanen. Inprobisazioan oinarritutako emanaldia da, eta asmoa da naturako elementuak baliatzea musika instrumentuak in situ eraikitzeko. Doakoa da, baina ezinbestekoa da aurrez izena ematea —hamabost pertsonarentzako tokia dago—.